Badira urte batzuk Irsearaban euskararen erabilera sustatzeko planteamenduak bilatzen ibili garela, gehien bat zerbitzuka egin izan duguna.
Orain, Euskara Lantaldeak bultzatuta, plangintza global baten aldeko apustua egiten gabiltza, erabilera bultzatzearen xedearekin. Horretarako, Eskuara zerbitzu teknikoa dugu bidelagun, zeinek markoa eman digun, hau da, norabidea.
Hizkuntz irizpideak jorratzea erabaki dugu lehenengo urrats moduan, hauek, nondik jotzeko pista asko ematen dituztelako; zein baliabide martxan jarri behar ditugun helburuak lortzeko, adibidez. Era berean, kooperatibak euskararekiko duen egoera aztertzeko baliagarria da, orain arte garrantzia eman ez diegun kontuak identifikatu ahal izateko.
Hizkuntz irizpideak zehazteko prozeduraren barruan hasierako saioetan erakundeko misioa, bisioa eta euskararen erabilera sustatzeak dakartzan bermeak konkretatu genituen eta hortik aurrera, esparru zehatzetan nola eragingo duen prozedura bera landu dugu.
Pentsatu ditugun kontuen artean euskalduntzeko atal batzuk daude, esate baterako:
Idatzizko komunikazioan: Errotulazioa, Papertegia eta zigiluak, web gunea, barne mezuak (info garrantzitsuak helarazteko).
Ahozko komunikazioan: Telefonozko harrera, erantzungailuaren mezua, ahozko harreman informalak eta ahozko harreman formalak (beti ere euskaraz zuzentzen direnean).
Eskuarako talde teknikoak eskatuta, martxoaren 11n Arabako Merkataritza eta Industria Ganberan, Arabako Enpresen Foroan aurkeztu genuen Irsearaban martxan jarri berri dugun planteamendua, bertan zeuden 30 arabar entitate desberdinen aurrean.
Euskarari garrantzia emateko unea heldu da, Irsearabak euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntza berdintasuna bultzatzeko lanean jarraituko du, etorkizun euskaldun baten alde.